+INDUSTRY, smart manufacturingari eskainitako Espainiako urteko topaketarik handiena, «Industria osoa, hemen» lelopean egingo da, ekainaren 3tik 5era bitarte, Bilbao Exhibition Centren, eta 18 herrialdetatik datozen 873 enpresa baino gehiago bilduko ditu. Industria- arloko hitzordu handi horrek zazpi azoka hartuko ditu barne, eduki sinergiko eta egituratuaren plataforma bakar batean, eta berrikuntza, networkinga eta negozio-aukerak sustatuko ditu balio-kate osoan.
Nazioarteko parte-hartze nabarmenarekin (Alemania, Txina, Frantzia, Italia, Portugal, Belgika, AEB, Taiwan edo India, besteak beste), eta Euskadiko industriaren ordezkaritza sendoarekin, ekimenak BECeko 1 eta 3 pabiloiak beteko ditu. Sektoretan banatutako formatuak aukera emango die bertaratuei industria-fabrikazioko funtsezko prozesu guztiak ikusteko, ingurune dinamiko eta oso espezializatu batean.
Jada izena eman duten milaka profesionalek, zeinek askotariko sektoreetan egiten baitute lan (automobilgintza, aeronautika, defentsa, trenak, energia, siderurgia, ekipo-ondasunak, petrokimika, elikadura, logistika eta intralogistika, farmazia, kosmetika, ontziak eta paketatzeak, besteak beste) ekosistema aberasgarria aurkituko dute, sektorearen erronka globalei erantzuteko eta beren lehiakortasuna indartuko duten irtenbide berritzaileekin lotzeko diseinatua. Kualifikazio handiko bisitariaren profila da, I+G+Bn inbertitzera eta erosketa-prozesuetan etengabe hobetzera eta erabakiak hartzeko gaitasunera bideratua. Bisitarien jatorriak Espainiako lurralde osoa hartzen du —bereziki, iparraldea, Katalunia eta Madril—, bai eta nazioarteko presentzia zabala ere, industria-ingurune globalari lotua.
PLATAFORMA BAKARRA, EDUKI SINERGIKO ETA EGITURATUA DUENA
Esparru horren barruan, weAR edizio horretako berrikuntza handien artean kokatzen da, ikuspegia automatizazioan eta robotikan ardaztuta. Gune horrek eraginkortasun operatiboa hobetu, prozesuetan doitasuna areagotu eta produkzio-denborak eta kostuak gutxitzen lagunduko duten teknologia-soluzio aurreratuak bilduko ditu, makina adimendunak, software espezializatua eta robot kolaboratiboa integratuta.
Gainera, biltegiratze adimenduneko esparruetako puntako garapenak, automatikoki gidatutako ibilgailuak, eta konexio eta laguntza mugikorreko sistemak ere ikusgai izango dira, besteak beste. Bestalde, Tech Demoak espazioan erakustaldiak egingo dira zuzenean eta aukera emango dute gertutik ikusteko industriako benetako inguruneetara aplikatutako azken berrikuntzak. Horrez gain, ekainaren 4an, bisita teknikoa egingo da AIC – Automotive Intelligence Center gunera, eta parte-hartzaileek gertutik ezagutu ahal izango dituzte Automotive Smart Factory eta Gestamp Flex Factory Lab proiektuak. Egitasmo horiek ondo erakusten dute berrikuntza nola aldatzen ari den automobilgintzaren etorkizuna.
Antolatzaileak: STECH / BEC / Partner Instituzionala: SPRI Taldea.
Digitalizazioa, industriako sektoreen lehiakortasuna bultzatzeko eta hazkunde ekonomiko jasangarria sustatzeko lehentasun estrategikoa, oso presente egongo da +INDUSTRY 2025n BeDIGITALen bitartez. Azokak bere zazpigarren edizioa egingo du, eta ezinbesteko ezagutzak eta tresnak ekarriko ditu lehiakortasunari eusteko, eraginkortasuna hobetzeko eta berrikuntza sustatzeko, gero eta teknologikoagoa den mundu mailako ingurunean.
Esparru horretan ondorengo proposamenak aurkeztuko dituzte: zibersegurtasuna, big data, adimen artifiziala, konektibitatea, ikusmen artifiziala, IoT edo instalazioen kudeaketa adimendunerako software espezializatua. Horren guztiaren helburua izango da produktibitatean eta eraginkortasunean hobekuntzak bultzatzea, baita baliabideen jasangarritasuna eta kudeaketa erraztea ere.
Antolatzaileak: AFM eta BEC / Partner Instituzionala: Bizkaiko Foru Aldundia eta SPRI taldea / Laguntzailea: GAIA.
Bere seigarren edizioan, Maintenancek, Mantentze Industrialaren Nazioarteko Azokak, mantentze aurreratuan eta prediktiboan oinarritutako proposamena eskainiko du. Azokak gastuak murrizten, eraginkortasun operatiboa hobetzen, lan-segurtasuna handitzen eta baliabideak optimizatzen (industrian produkzio seguruagoa eta jasangarriagoa lortzeko funtsezko gakoak, hain zuzen ere) zuzenean laguntzen duten enpresak bilduko ditu.
Antolatzaileak: Easyfairs eta BEC / Partner Instituzionala: SPRI Taldea.
Teknologia, soluzio errealak eta berrikuntza uztartuko dira Pumps & Valvesen zazpigarren edizioan. Azoka horretan ikusgai izango dira industria-ponpen, kontrol-balbulen, iragazketaren, trukagailuen, osagai elektrikoen, neurketa- eta kontrol-ekipoen, hidraulikaren, prozesaketaren eta industria-zerbitzuen azken berrikuntzak. Ezinbesteko hitzordua da azken produktuaren kalitatean eta eragiketen errendimenduan zuzenean inpaktua izateaz gain, industria-prozesu seguru, eraginkor eta lehiakorrak bermatu nahi dituzten profesionalentzat.
Antolatzaileak: Easyfairs eta BEC / Partner Instituzionala: SPRI Taldea.
AdditƐD azokak pabiloian bilduko ditu fabrikazio aditiboko eta 3D inprimaketako azken 3 berrikuntzak. Estatu osoan, espezialitate horri eskainitako nazioarteko azoka bakarra da. Bilduko dituen enpresak liderrak dira hainbat esparrutan: fabrikazio aditiboko teknologietarako sistemak eta makinak, aplikazio industrialak, lehengaiak, kontsumigarriak, 3D inprimaketa-zerbitzuak, software espezializatua eta 3D eskanerrak.
Antolatzaileak: ADDIMAT eta BEC / Partner Instituzionala: SPRI Taldea.
BECeko 3. pabiloian egingo da Subcontratación, Prozesu eta Hornikuntza Industrialen Nazioarteko Azoka, espezialitate horretako ekitaldi bakarra Espainian. 40 urte baino gehiagoko ibilbidea duen topaketa hau berriro ere esparru estrategikoa izango da Estatuko eta nazioarteko pyme azpikontratistentzat. Bere historian zehar, Subcontratación azoka zuzenean aritu da elkarlanean herrialdeko merkataritza-ganbera, elkarte eta kluster nagusiekin, eta horiek haien elkartekideek parte hartzea errazten dute, abantaila oso erakargarriak eskainita.
500 enpresa inguruk haien soluzioak erakutsiko dituzte hainbat prozesutan (fundizioa, mekanizazioa, tratamendu termikoak, elektronika, prototipaketak, moldeak, plastiko-injekzioa eta piezen fabrikazioa, besteak beste), Horiek guztiek industriako sektore estrategikoei malgutasuna, espezializazioa eta teknologia aurreratua ekartzen dizkiete. Erakusketa-eskaintza osatuko dute edozein tailerretan edo enpresa fabrikatzailetan ezinbestekoak diren ekipoen eta makina laguntzaileen hornitzaileek.
Aldi berean, Industria Azpikontratazio Industrialaren Europako XXI. Topaketa izango da. Bartzelonako Merkataritza Ganberak, CamaraBilbaok eta BECek antolatzen dute, Espainiako Merkataritza Ganberekin elkarlanean. B2B topaketa hau sektoreko garrantzitsuena da Estatuan, eta 1.000 elkarrizketa profesional inguru aurreikusten ditu Europako saltzaileen eta enpresa hornitzaileen artean. Herrialde hauetatik datozen enpresa erosleek hartuko dute parte: Alemania, Belgika, Bulgaria, Danimarka, Espainia, Finlandia, Frantzia, Holanda, Italia, Maroko, Portugal, Suedia eta Suitza.
Antolatzailea: BEC / Partner Instituzionala: SPRI Taldea.
KONFERENTZIEN AGENDA ZABALA
Ildo berean, eta denetik izango duen erakusketa guneaz gain, +INDUSTRYk konferentzien helburu handiko programa eskainiko du. Programa hori diseinatuta dago bertaratzen diren profesionalek industriaren sektorea berriro definitzen ari diren erronka eta joera nagusiak sakon ditzaten. Programak 40 hizlari izango ditu guztira, hainbat herrialdetakoak (Espainia, Alemania, Belgika, Frantzia, Suedia eta Herbehereak), eta horrek topaketari nazioarteko eta diziplina anitzeko ikuspegia emango dio.
Hiru egunez, programak industriaren orainaldiari eta etorkizunari buruzko funtsezko edukiak landuko ditu horretarako prestatutako saio espezializatuen bidez. Ekainaren 3an, Digital Talks izenekoak egingo dira eta gai estrategikoak landuko dituzte: Europar Batasuneko Adimen Artifizialaren Lege berria, zibersegurtasunaren integrazioa ingurune industrialetan eta cloud compuntingerako eta adimen artifizialerako Europako esparrua, besteak beste. Hain zuzen ere, ezinbesteko gaiak dira sektorearen bilakaera erabakiko duten araudi eta teknologia mailako aldaketei aurrea hartu nahi dien enpresentzat.
Ekainaren 4an, Maintenance Talksen txanda izango da eta mantentze prediktiboan adimen artifiziala aplikatzea, prozesuen automatizazioa, berrikuntza zailtzen duten oztopoak eta egungo industrian mantentze-lanek sortu dituzten erronka nagusiak izango dituzte hizpide. Nazioartean ospe handia duten adituek beren ezagutzak partekatuko dituzte mantentze industrialaren etorkizunari buruzko ikuspegi argia eskaintzeko.
Konferentzien zikloa amaitzeko, ekainaren 5ean, fabrikazio aditiboko punta-puntako aurrerapenei buruzko Additive Talks hitzaldiak egingo dira. Jardunaldi horretan, besteak beste, metal haridunarekin egindako zuzeneko jalkitzearen teknologia berriekin, SLM teknologiako berrikuntzekin edo prozesatu osteko aurrerapenekin lotutako abangoardiako gaiak jorratuko dira. Ezinbesteko hitzordua teknologia aurreratuenak fabrikazio modernoaren mugak nola zabaltzen ari diren gertutik ezagutzeko.
Balio erantsi gisa, Innovation Workshop tailerrek ezagutzarako eta konexiorako espazioa eskainiko dute, teknologiarik berritzaileenetan sakontzeko. Berrogeita hamar aurkezpen baino gehiago egingo dira, benetako kasu aplikagarrietara bideratuak, eta enpresa erakusketariek eta babesleek beren esperientzia partekatuko dute garrantzi handiko hainbat arlotan, hala nola prozesu operazionalen digitalizazioan, AArekin egindako plangintza aurreratuan, 4.0 mantentze-lanetan, produkzioan sekuentzia optimizatzeko lanean, balbulen zarataren kudeaketan, intralogistikako automatizazioari aplikatutako robotika mugikorrean eta roboten eta pertsonen koordinazioan eta integrazioan, besteak beste.
Gainera, lankidetza-inguruneetan fabrikazio adimenduneko teknologiei buruzko jardunaldia ere egingo da. Bertan, konektatutako industrian produzitzeko modua birdefinitzen ari diren irtenbide aurreratuak jorratuko dira.
WORKinn TALENT HUB, INDUSTRIA ETA TALENTUA LOTZEN DITUEN ESPAZIOA
WORKinn TALENT HUBek, industria arloko talentuarekin lan egiten duen gune integralak, sektoreko enpresa liderrak lotuko ditu enplegua modu aktiboan bilatzen ari diren profesionalekin eta ikasleekin. +INDUSTRYren esparruan egingo den ekitaldi horrek parekorik ez duen ingurunea eskainiko du eta enplegu- eta prestakuntza-foroko lan-eskaintzak konbinatuko ditu Inspire gunearekin (fabrikazio aurreratuko irteera profesionalak modu didaktikoan erakusteko diseinatutako espazioa).
WORKinn Talent Hub-en Enplegu Foroa ekainaren 4 eta 5ean egingo da, eta 20 enpresa baino gehiago bilduko ditu. Horiek guztiek zuzeneko informazioa emango dute beren hautaketa-prozesuei, gaur egun industrian gehien eskatzen diren profilei eta 300 lan-eskaintza baino gehiagori buruz. Gainera, + INDUSTRYk irauten duen hiru egunetan zehar, Inspire gunea bisitatu ahal izango da. Horrek ukitu interaktiboa emango dio formatuari: zazpi lan-estaziotan zeharreko ibilbidea izango da. Han, teknologiak industriaren sektorean sartu dituen aldaketak ezagutu ahal izango dituzte bertaratzen direnek.
Horrekin guztiarekin, WORKinn Talent Hub topaleku estrategikoa da, eta aukera profesionalak eskaintzen dizkie aktiboan dauden profesionalei, langabetuei eta azken ikasturtean dauden edo graduatu berri diren ikasleei.
Antolatzaileak: AFM eta BEC / Partner Instituzionala: Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila, Lanbide eta Bizkaiko Foru Aldundia.
Leave A Comment