• Ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak robot industrial bat aurkeztuko du +Industry azokan, gai dena langileekin hitz egin eta hitz egindakoaren arabera modu autonomoan bere burua konfiguratzeko. Euskarazko bertsioa Orain NLP Teknologiak-ekin elkarlanean garatu dute.
  • Robotak integratuta daramatza Oraik euskararako garatutako zenbait teknologia arrakastatsu —hala nola hizketaren sintesia eta ingurune industrial zaratatsura egokitutako transkripzio automatikoa—.
  • Elkarrizketa baten bidez konfiguratu/programatu daitekeen sistema industrial adimendunaren kontzeptua mota guztietako sistema industrialetan aplikatzeko asmoz garatu du TECNALIAk; besteak beste, robotetan, ekoizpen-makinetan eta banaketa-sistemetan.
  • Robot industriala bihar, ekainak 3, emango da ezagutzera BECen, arratsaldeko 16:00etan, TECNALIAren standean (1-B01 pabilioia).

 

2025eko ekainaren 2a

TECNALIAk euskaraz (eta beste hizkuntza batzuetan) elkarreraginean jarduteko gai den robot industrial aitzindari bat ezagutaraziko du bihar, asteartea, ekainak 3, 16:00etan, Bilbao Exhibition Centerren (BEC), erakustaldi baten bidez. Euskarazko bertsiorako, TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak Orai NLP Teknologiak-ek garatutako bi teknologiaren laguntza izan du: ASR (Automatic Speech Recognition edo transkripzio automatikoko teknologia) eta TTS (Text To Speech edo hizketaren sintesia). Aurkezpena +Industry azokaren weAR topaketan egingo da, eta ekainaren 5era arte egongo da azokan TECNALIA.

TECNALIA aktiboki ari da lanean pertsonen eta sistema teknologikoen —roboten, kontrol industrialen, makina-erreminten eta beste plataforma batzuen— arteko interakzio naturalagoa ahalbidetzen duten teknologiak garatzen. Azken aurrerapenak erakusteko, weAR-erako prestatutako erakustaldian ikusiko dugu nola, elkarrizketa arin baten bidez, robotari zer ekintza egin behar dituen adieraz diezaiokegun, hizkuntza batean baino gehiagotan; adibidez, euskaraz. Hortaz, euskarazko hizketa ezagutzeko Oraik garatutako teknologia bere robot industrial batean inplementatu du TECNALIAk.

Horri esker, edozein langilek, baita ezagutza teknikorik eta programazio-esperientziarik ez dutenek ere, robota konfigura dezake askotariko zereginak egin ditzan.

Orai adimen artifizialeko zentroak, zeina hizkuntza naturalaren prozesamenduan espezializatua baitago, itzulpen automatikoaren eta sare neuronal handien (LLM) esparruan egiten du lan, eta haren asmoa da erakundeei ikerketa aurreratua eta soluzio teknologiko adimendunak hainbat hizkuntzatan eskaintzea.

Kasu zehatz honetan, bitrozeramika baten osagaien muntaian oinarritzen da erakustaldia, eta erakusten du nola egokitu daitekeen robota eta nola ikas ditzakeen jarraibide berriak modu intuitibo eta eraginkorrean.

 

Iraultza komunikazioan 

Hizketa-teknologiak eta teknologia sortzaileak konbinatuz, eraldatu egin daiteke makinen eta gizakien arteko interakzioa eta makinak gure beharretara egokitzeko modua. Aurrerapen horiek interakzio-modu berriak sortzen dituzte; adibidez, ahots bidezko elkarrizketa naturala. Horrek goitik behera aldatzen du makinekin eta sistema automatizatuekin komunikatzeko dugun modua eta makinek erreakzionatzeko eta erantzuteko duten modua.

Honela adierazi du Unai Anterok, TECNALIAko Interakzio Areagotuko Fokuko arduradunak: “Enpresa teknologiko handiek hizkuntza nagusietako —hala nola ingelesezko— adimen artifizialeko sistemak entrenatzeko erabiltzen dituzte baliabide gehienak, eta horrek desabantaila nabarmena dakar hizkuntza gutxituentzat, hala nola euskararentzat. Hortaz, transkripzio automatikoa egin behar dutenean edo euskarazko galderei erantzun behar dietenean, adimen artifizialek erantzun generikoak, desegokiak edo are okerrak eskaintzen dituzte, datu gutxi dituztelako hizkuntza horietan entrenatzeko. Horrek erakusten du ahalegin berezia egin behar dela euskara adimen artifizialean eta etorkizuneko teknologian txertatzeko”. Horregatik da garrantzitsua robot industrial hau.

Bestalde, nabarmendu duenez, “gaur erakutsiko dugun robotarekin interakzioan jarduteko hizkuntza bat baino gehiago erabil ditzakegu, tartean euskara, eta ORAIri esker izan da hori posible. Gainera, hasiera besterik ez da hau, eta espero dugu etorkizunean sistemak berak identifikatzea hizkuntza, automatikoki”.

Honela mintzatu da Oraiko Hizketa Teknologien arduraduna, Igor Leturia: “Guretzat harro egotekoa da robot industrial aitzindari honek gure teknologia erabiltzea. Eta, gainera, garrantzitsua da gure teknologia azoka horretan ezagutaraztea, fabrikazio adimendunari eskainitako Estatuko topagunerik handiena baita; hantxe erakusten dira automatizazioaren eta robotika industrialaren arloetako azken aurrerapenak”. Oraiko ikertzaileak adierazi duenez, “gaur egun asko erabiltzen da hizketa makinekiko elkarrekintzan, eta bai gure ASR teknologia (hizketa automatikoki ezagutzekoa) bai TTSa (testua hizketa bihurtzen duena) mota guztietako makina eta robotetan, biltegietan, fabriketan eta abarretan integra daitezke”.

 

Orairi buruz

Adimen artifizialeko zentro bat da Orai, hizkuntza naturala prozesatzeko puntako soluzio teknologiko adimendunak ikertzen espezializatua. Emaitza arrakastatsu asko lortu ditu zentroak, 20 urtetik gorako esperientziari esker, eta horien artean daude, besteak beste, Elia itzultzaile automatikoa eta beste bi tresna: Aditu, ahotsa testu bihurtzen duen tresna bat, eta TTS neuronala, testua ahots bihurtzen duena. Orairen ikerketa eta garapenari esker, teknologia horiek 6 hizkuntzatan eskaintzen dira gaur egun (euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa). Lantaldeak tartean ikertzaile doktoreak ere baditu, 110 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu, eta aitzindaria izan da Euskal Herrian hizkuntza naturalaren prozesamendua ikertzen.

 

TECNALIAri buruz

TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.

European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.