+INDUSTRYren baitan izango da hitzordua eta lehen edizioa ekainaren 3tik 5era egingo da, Bilbao Exhibition Centren

Industria aurreratuaren baitako hainbat sektoretan robotikak eta automatizazioak gero eta eragin handiagoa dutenez, weAR ekitaldi praktikoa, espezializatua eta zeharkakoa da, nazioarteko izaera duena eta smart manufacturing arloko sektore erabiltzaile guztien arazo teknikoak konpontzera bideratuta dagoena. Hitzordua bi urtean behin izango da eta lehen edizioa ekainaren 3tik 5era bitarte egingo da, Bilbao Exhibition Centren, +INDUSTRYren baitan.

Hitzordu berri horrek automatizazioko eta robotikako enpresentzako harremanetarako eta sustapenerako aukera bikainak eskainiko ditu eta erabiltzaile diren sektore ugari bilduko ditu. Gainera, sinergien ingurune baliotsuan egingo da, eta +INDUSTRYren azoketan ordezkaritza izango duten fabrikazio aurreratuko sektore guztiak izango dira bertan: BeDIGITAL, AdditꜪD, MAINTENANCE, PUMPS&VALVES, SUBCONTRATACIÓN eta weAR. Gainera, WORKinn enplegu-foroak industrian talentua bilatzeko erronkari erantzuna emango dio, beste behin.

weAR-ek robotika eta automatizazioan erreferentziazko gune bihurtu nahi du eta, erakusketaz gain, workshopak, erakustaldiak, bisita teknikoak eta networkingerako espazioak izango ditu. Hala, automatizazio adimentsuaren eta digitalaren alderdi osoa bilduko du eta +INDUSTRYren orientazio berriaren araberakoa izango da: transbertsala eta sektore guztiei irekita dagoena.

weAR-en erakusketa eremuan, batez ere, Espainiako, Frantziako, Alemaniako eta Italiako enpresak bilduko dira, eta punta-puntako teknologiak eta berrikuntzak izango ditu ikusgai. Horren guztiaren bidez, gainera, harreman tekniko-komertzialak bultzatu nahi dira. Bestalde, workshopen eta erakustaldien eremuan, ezagutzaren transferentzia bultzatuko da eta egungo eta etorkizuneko arazo eta erronkekin lotutako konponbide praktikoak planteatuko dira. Networkingeko espazioetan, lankidetza eta hitzarmen komertzialak sustatuko dira.

Sektore ugariez gain, arlootako fabrikazio- eta banaketa-enpresak izango dira azokan: eragiteko sistemak eta osagaiak, sentsoreen teknologia, kontrol-teknologia, IPC, software industriala, gizakia-makina interfazea, sare elektrikoak eta fabrikako hornikuntzak, interfazea eta interfaze-teknologia, behe-tentsioko kommutazio-gailuak, azpiegitura mekanikoa, komunikazio industriala, muntaketako eta manipulazioko teknologia, posizionamendu-sistemak, segurtasun- eta babes-teknologia, wearable industrialak, AGVak, robotika eta ikusmen artifiziala.

Sektore bisitarien artean, honakoak daude: farmazia/kosmetika, elikagaiak eta edariak, ontziak eta paketatzeak, logistika eta intralogistika, automobilgintza eta industria osagarria, aeronautika eta defentsa, trengintza eta industria osagarria, hornikuntza eta uren tratamendua, eraikuntza, ontzigintza, ehungintza, siderurgia, plastikoa-kautxua, ekipo-ondasunak, kimika, petrokimikoa eta energia. Gainera, makinen eta osagaien fabrikatzaileak, mihiztatzaileak, amaierako erabiltzaileak (OEM), ingeniaritza-enpresak eta teknologia-zentroak ere bilduko dira bertan; izan ere, weAR-en automatizazio eta robotika arloetan behar duten guztia topatuko dute.

weAR STECHek, Manufacturingaren industriarako teknologia adimendunen Espainiako elkarteak, eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute.